Hekimen Elkartea Legebiltzarrean izan zen atzo, azaroak 24, elkarteak aurtengo diru laguntzen inguruan egin duen balorazioa azaldu eta aurrera begira dituen erronkak azaltzeko. Eta, batez ere, beste diru laguntza politika eskatzeko.
Agerraldia osorik ikus daiteke hemen.
Agerraldia Legebiltzarrean
2014ko azaroaren 24a
Hasteko eta behin, eskerrik asko Legebiltzarrari, Hekimen euskal hedabideen elkarteari foro honetan parte hartzeko aukera emateagatik, eta bereziki EH Bilduko taldeari, horretarako gonbitea egiteagatik.
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak ebatzitako aurtengo diru laguntzen deialdia da gu hona etortzeko arrazoia. Aurten, HPSk aldaketa esanguratsuak egin ditu euskal hedabideentzako oinarrizkoa den deialdi honetan, eta horrek nahasmena sortu du elkarteak ordezkatzen duen sektorean. Gaiak oihartzun zabala izan du euskal hedabideetan, eta horren adibide da gaur gu hona etorri izana.
Lehenik eta behin, ondo nabarmendu nahiko genuke diru laguntza hauek sektorearentzat duten garrantzia.
Diru laguntzen garrantzia
Euskal hedabideek Jaurlaritzatik jasotzen duten diru laguntza 4.875.000 euro izan da aurten. Udal eta hiriburu guztien artean jartzen dutena ez da erdira ere iristen, eta are gutxiago da Diputazioek, hainbat deialdiren bidez, egiten duten ekarpena: milioi bat euro inguru urtero.
HPSk urtero banatzen duen Hedabideak deialdi hori, beraz, sektorearen laguntza publiko garrantzitsuena izan da sortu zenetik gaur arte. Sektoreak ondo daki horri esker eutsi ahal izan diotela enpresa askok, horri esker martxan jarri direla proiektu ugari. Behin baino gehiagotan baloratu da Eusko Jaurlaritzak egindako ahalegina. Baina, eta hau ere esan behar da, deialdia pisua galtzen ari da urtetik urtera. Aurrekontuekiko pisu espezifikoa urritzen ari da, eta, ondorioz, garrantzia galtzen ari da deialdia.
Siadecoren txostena
Ez da bakarrik Hedabideak deialdia. Siadeco enpresak iazko abenduan egindako Euskararen aurrekontu eta baliabide publikoen estatistika izeneko txostenaren arabera, euskara aurrekontuek 2006tik 2008ra izandako goranzko joera irauli egin zen 2008tik 2010era bitarte, eta bereziki 2010etik 2012ra. 2012tik 2014ra eustera jo dute administrazioek, baina ez diote egoerari buelta eman.
2006tik 2008ra, osotarako EAEko euskara aurrekontu kontsolidatuak %13ko igoera izan zuen, eta Jaurlaritzatik hasi eta udaletara, erakunde guztietan gehitu ziren euskararako baliabideak. 2008tik 2010era, udal eta hiriburuek goranzko joerari eutsi zioten, ez ordea foru aldundiek eta Jaurlaritzak. 2010tik 2012ra, erakunde mota guztietan egin zuten euskara aurrekontuek behera, eta jaitsierarik nabarmenenak hiriburuetakoak (%15) eta Jaurlaritzarenak (%13) izan ziren.
(Irudia: HPSrako diruak aurrekontu orokorrekiko)
Nabarmendu behar da bere esanguragatik, eta Siadecoren txostenari jarraituz, aurrekontu orokorrek gora egin dutenean, 2006tik 2008ra, euskarakoen igoera apalagoa izan dela edo jaitsi egin direla, eta aurrekontu orokorrek behera egin dutenean, euskarakoek jaitsiera are eta handiagoa izan dutela.
(Irudia: hedabideentzako diruak Jaurlaritzaren aurrekontu orokorrekiko)
Hedabideentzako diru laguntzek antzeko joera izan dutela esan dezakegu. Jaurlaritzak Hedabideak deialdian gastatzen duen diru kopurua bera izan da 2012, 2013 eta 2014an, eta gobernuak aurkeztu berri duen aurrekontu proposamenaren arabera, berdina izango da 2015ean ere. Aurrekontu orokorrekiko pisua azken hamar urteotako bigarren baxuena da 2014koa, 2012koaren ondotik. Hizkuntza politikarako dirua, berriz, aurrekontu osoaren %0,46koa da, azken hamar urteotako txikiena.
Diru laguntzen garrantzia espezifikoaren galera horri erantsi behar zaio aurten egin diren aldaketak.
Zein dira aldaketa horiek?
Irizpide aldaketak
Hasteko, diruak banatzeko hedabide multzoak aldatu egin dira. Aurten arte “euskara hutsezko eguneroko prentsa inprimatua, nazionala zein tokikoa” izeneko multzoari beste multzo bat gehitu zaio, “udalerri, eskualde eta lurralde jakinetan zabaltzen diren informazio orokorreko aldizkariak”. Hau da, eguneroko prentsa eta aldizkako argitalpenak, nazionalak zein tokikoak, poltsa berean sartu dituzte aurten. Aldaketa garrantzitsua da, multzo bakoitzak bere poltsa daukalako. Hau da, aurreko urteetan egunkari nazional zein tokikoentzako zegoen dirua poltsa bakar batean bildu da aurten: 2.524.000 €, laguntza osoaren erdia baino gehixeago.
Horrekin batera, diru hori banatzeko irizpideak aldatu dira aurten. Lehen multzo horretan batez ere. Eta irismenari, hau da, “hedabideak bere eragin-eremuan duen irismen-mailari”, 70 puntu ebatzi zaizkio. Ehundik 70. Teknologia berrien erabilera, berrikuntza eta hobekuntzarako neurriak eta bikain ziurtagiria edukitzea izan dira gainerako irizpideak.
Azpimarratu behar da multzo horretan, hots egunkarien eta tokiko hedabideen multzoan, izan dela aldaketa nagusia; informazio orokorreko aldizkarien multzoan, berriz, irismenarenari 40 puntu eman zaizkio.
(Aurreko urteetan kontuan hartzen ziren aldagaiak finantzaketa maila propioa, produktuaren kalitatea eta erakargarritasuna eta zabalkundea ziren).
Ez dira sektorearekin eztabaidatutako aldaketak izan. HPSko arduradunek iragarri ziguten irismena sarituko zutela aurtengo deialdian, baina sektoreak ez du eztabaidatu irizpide hori. Argi gera bedi: administrazioarena da irizpideak ezartzeko ardura eta eskumena, baina gure ikuspegitik tamainako aldaketak beste lanketa bat eskatzen zuen. Gogoratu: laguntzen %70.
Irismenaz
Hekimenen iritzia da irismena, hau da, jendearengana iristea, hedabide guztien helburua eta nahia dela. Zenbat eta gehiagorengana iritsi, hobe, esatea ere soberan dago. Baldintza eta egoera berean daudenen artean gehien iristen denak zerbait ondo egin du, noski. Baina badakigu hedabideak noraino iristen diren ondo neurtu ahal izateko aldagai asko hartu behar direla kontuan.
Tirada hartu behar da kontuan, banaketa eta —prentsa idatziari dagokionez– irakurleria ere bai. Iristea ez baita banatzea, irakurlearengana iristea baizik, ezta? Eta norengana iritsi daiteke hedabide bat? Nor da bere publiko potentziala? Inkesta soziolinguistikoan aipatzen diren milioitik gora euskaldun/ ia euskaldun horiek dira euskal prentsa osoaren benetako publiko potentziala? Ez ote daude publiko potentzial ezberdinak, dela herriko aldizkari bat, dela egunkari nazional bat, dela pentsamenduzko aldizkaria, dela gazteentzako ataria, dela irratia?
Xehetasun gehiagotan sartu gabe, uste dugu honek guztiak gogoeta sakona eskatzen duela, ponderazio zehatzak eta arrazoituak. Batez ere horrelako aldaketak egiten baldin badira: 100 puntutik 70.
Euskal hedabideen elkarteak garbi dauka ondo dagoela irismena saritzea, behar-beharrezkoa dela hori, helburua izan behar duela irismenak saritzea, baina badakigu, era berean, laguntzak bakarrik edo nagusiki irismenaren arabera erabakitzeak arriskuan jar dezakeela gaur egun hedabideek duten sare gutxienekoa, izaera oso desberdineko produktuak daudelako. Sektorearen parte bat kaltetu dezake, eta horrek berak sektorea ahuldu.
Sektorearen errealitatea errespetatu
Guretzako, irismenak helburua dira, ez abiapuntua. Esan dugu denon helburua dela jende gehiagorengana iristea, baina sektoreak daukan errealitatea kontuan hartu behar da, ezinbestez.
Eta errealitate hori da hiztun komunitatean oso txertatutako sektorea dela; harreman sare oso indartsuak dituena herriz herri, eskualdez eskualde, lurraldez lurralde. Euskarak bete gabe zituen espazioak betetzeko jaio zen sektorea da, modernizatzeko etengabeko ahalegina egin duena, eta gaur egun Interneten komunitate eraginkorra sortu duena. Txikia, bai, baina bizia. Wikipedian aurreneko 50 hizkuntzen artean omen dago gurea; Googlerentzat ere existitzen gara (Google translaten, adibidez, 45. hizkuntza izan zen euskara); Twitterren, 40. hizkuntza da. Estatua duten hizkuntza batzuk baino biziago dabil, beraz, sarean.
Euskal hiztunak bizi dabiltzan txoko guztietara iristen dira euskal hedabideak, proiektuak elkarrekin garatzen ari dira enpresak, etengabe sortzen dira egitasmo berriak… Eta errespetatu eta onartu beharra dago egin dena; errespetatu eta onartu beharra dago dagoen egitura; errespetatu eta onartu beharra dago ekoizten dena; errespetatu eta onartu sektorea bera osatzen duen azpisektore bakoitza, dela prentsa nazionala, dela tokikoa, euskarriak gora behera.
Eta errespetatu eta onartzea da babestea. Egoera eskasa baita oso.
Gaur egun, gaztelerazko hedabideetan diharduten langileek, euskara hutsean diharduten hedabideetako langileek baino %55 gehiago irabazten dute, gutxi gorabehera. Enpresa askok irauteko baino ez dute, inbertsioak egin eta proiektu berriak kaleratzeko ezintasun kronikoa.
Kontuan hartuta ordainsarien pizgarririk ez dagoela, argi dago sektorearen lan baldintzak erakargarriagoak egiteko bideak urratu behar ditugula; eta horretarako, lehendabizi, langileei bizitzeko eta profesionalki garatzeko aukerak eskainiko dizkion ingurune bat lortu behar dugu.
Baldintza kaskarrak, bai, baina hala ere sektore ekonomiko bat gara. Zifrak berriro: 26 milioi euro inguruko aurrekontua hedabide guztien artean, eta diru laguntzen portzentajea, batez beste %23. Sektorearen enpresa garrantzitsuenaren kasuan, %20tik behera. Prentsa subentzionatua? 4,6 milioi inguruko aportazioa gizarte segurantzari; 1,5 milioi euro inguruko BEZa; 800.000 euroko Pertsona Fisikoen Gaineko Zergan.
Sektore txiki baina era berean zabal eta bizi hau da garabidean jarri nahi duguna.
Orain da aukera.
Sektorea, batera
Sektoreak batzeko ahalegin oso handia egin du, eta egiten ari da. Orain, batera goaz. Eta aurrera begira jarri nahi dugu. Gaur egun, duela hogei bost urte baino askoz ere zabalagoa, aberatsagoa eta modernoagoa da eskaintza. Duela hogei bost urte, ez zegoen herrietan eta eskualdeetan gaur egun dagoen aukera komunikatiboa, eta ez zegoen telebista eskaintza osagarririk; duela hogei bost urte, ez zegoen gaur egun euskal hedabideek eskaintzen duten produktu ugaritasuna: hedabide nazionalak, eskualdekoak, herrietakoak, aisialdikoak, gazteentzakoak, pentsamenduzkoak, gai orokorrekoak; duela hogei bost urte, ez zegoen euskal hedabideek gaur egun erabiltzen duten baliabide teknologikoaren arrastorik.
Bereziki esanguratsua da Internetek ematen dituen aukerak eta sortzen dituen erronkei egokitzeko egin den eta egiten ari den lana. Berriz ere, adi egon dira hedabideak, eta ahalegin handia egin dute produktuak berritu eta eskaintza desberdinak osatzeko. Ahalegin horretan berebiziko garrantzia izan dute administrazioek emandako laguntzek, eta ezinbesteko bultzada izan da sektoreak berak erakutsi duen dinamismoa eta egokitzeko gaitasuna, negozio eredua errotik aldatu duen ingurune berri eta aldakor honetan.
Kalitatezkoagoak ote dira gaur egungo produktuak duela hogei urtekoak baino? Zalantzarik gabe.
Gogoeta etorkizunerantz
Aurrera begira, baina, autoebaluazio orokor eta sendo bat egin beharra dago eta sektoreak baditu erronka batzuk ondo identifikatuta:
• Irismen eta kontsumoen eboluzioa nolakoa den aztertu eta berau handitzeko bideak landu behar dira (sustapena, adibidez)
• Kalitatearen ebaluazioa egin eta eragin egin behar da
• Berrikuntzari begira egin beharreko urratsak azkartu behar ditugu
• Efizientzia neurtu eta handitzea ezinbestekoa da (inbertitzen den euro bakoitzeko lortzen den errentagarritasuna)
• Efikazia edota bezeroaren asebetetze maila handitu behar da
• Autofinantzazioa areagotu behar dugu
Finantzazio publikoa da Hekimeneko kezka nagusietako bat, jakina. Nola lortu detektatutako gabeziak gainditu, aukerak aprobetxatu eta etorkizunari begira sendoagoak eta hobeak izateko egin behar diren inbertsioak eta hobekuntzak finantzatzea. Hekimenek uste du sektorearen finantzazio publikoari buruz eztabaida zabaldu beharra dagoela, eta beste bide batzuk ere esploratzea izan daitekeela gakoa: esaterako industria eta berrikuntzarako diru laguntzetarako bideak urratu eta lantzea; diru laguntzak unean uneko inbertsioetara bideratzea eta hainbat urtetarako sistema martxan jartzea; publizitate instituzional gehiago lortzeko konpromiso politikoak lortzea, edo publizitate komertziala euskaraz erakargarriagoa egiteko politikak adostea.
Berriki ezagutu ditugu publizitate instituzionalaren inguruko datuak, Legebiltzar honetan bertan aurkeztuak. Publizitate eta komunikazioan Eusko Jaurlaritzak 2013an gastatu zuen aurrekontuaren %2 baino gutxiago iritsi zen euskal hedabide ez publikoetara: 107.191 € denera. Sailez sail, Segurtasuna eta Lehendakaritza sailak izan ziren iaz euskal hedabideetan publizitate gutxien egin zutenak (% 1 eta % 1,63, hurrenez hurren), nahiz eta aurrekontu handienetakoak izan: Segurtasun sailak 960.000 € gastatu zituen orotara, eta Lehendakaritzak, berriz, miloi erdi pasatxo, 508.000 €. Kopuru absolutuetan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila da euskal hedabideetan diru gehien inbertitzen duen saila, eta kopuru erlatiboetan, Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasun saila: publizitaterako norbere aurrekontuaren %5etik behera, beti ere.
Egoera horri buelta eman behar diogu. Eskaintza bateratua lantzen ari gara, eta espero dugu urratsak egiten hastea. Baina horrek Jaurlaritzaren beste konpromiso bat eskatzen duela iruditzen zaigu.
Beste erronka bat sinergien bideak urratzea da. Oro har, enpresa txikiek osatzen dute euskal hedabideen sektorea, eta nahikoa lan dute egunerokoari eusteko. Merkatuari aurre egiteko, gehiegi antolatu gabe ari dira lanean. Sektorea, berez, nahiko sakabanatuta egon da oraintsu arte, elkarlan eta sinergia dinamika handirik gabe.
Hori aldatzera etorri da Hekimen.
Hasi gara lanean.
Elkarlana sektore barruan
EHU, Mondragon Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitateko irakasleekin batera, hasi gara Euskal Hedabideen Behategiari forma ematen. Hasi gara euskal hedabideen kartografia bat prestatzen, ikusteko ondo zein garen, non gauden, zer egiten dugun, noraino iristen garen, zer falta zaigun. Hasi gara diseinatzen gure audientziak neurtzeko proposamen bat. Internetekoetatik hasiko gara, baina ez dugu baztertzen ohiko audientzia neurketekin osatzea. Audientzia neurketa handiak ez dira tokiko hedabideetara iristen, ez dute gure diglosia ulertzen, ez dira gure errealitatea irudikatzeko gai. Ezagutu nahi dugu gure benetako tamaina, gure eragina, gure sarea.
Lehen aipatzen genuen benetako autoebaluaketa horretarako, irizpideak aztertu nahi ditugu. Jakin nahi dugu nola neurtu daitekeen kalitatea, nola baloratu gure hedabideen eraginkortasun soziala, nola berrikuntza edo efizientzia ekonomikoa.
Lau lan talde martxan jarri ditugu: Berrikuntza, Publizitatea, Interneteko estrategiak eta Sinergiak edo elkarlana.
Konpromisoa hartu dugu sektoreari txekeo on bat egin eta aurrera begira jartzeko. Esaten ari gara prest gaudela autoebaluaketa sendo bat abiatzeko, zalantzarik ez dugulako horrek hobeak eta eraginkorragoak egingo gaituela, inola ere galdu gabe gure hiztun komunitatera lotzen gaituen aingura.
Baina horrek eskatzen du, era berean, konpromiso sendo bat erakunde publikoen aldetik.
Elkarlana administrazioarekin
Gogoeta bi norabidetan egin behar delako: zein da aurrera begira jarri eta epe ertainerako inbertsioak egin ahal izateko sektoreak behar duen gutxieneko egiturari eusteko diru laguntza egokia? Zein izan daiteke gaur egungo produkzioa mantendu eta ditugun profesional bikainek sektorean lanean modu duinean jarrai dezaten hedabideek ziurtatuta behar duten gutxieneko aurrekontua?
Aztertu dezagun hori. Eta, ondoren, eztabaida dezagun nola eta zer neurtuko dugun diru laguntzez hitz egiteari utzi eta inbertsioez hitz egiten hasten garenean. Nola sustatuko dugu euskal hedabideen irisgarritasuna? Nola kalitatea? Nola efizientzia? Nola lortuko dugu produktu berri bakoitza ez izatea arazo bat, poltsa bera mantentzen baldin bada?
Lankidetza eskaintza bat da hemen luzatzen duguna. HPSk badaki, ari gara hitz egiten, eta espero dugu laster urratsak egitea. Orain da garaia. Aurrerago bide hori bera egin dute euskalgintzako beste sektoreek ere. Zergatik ez egin hedabideen sektorearekin?
Gaur egungo sektorea ez da, inola ere, duela bost urtekoa, eta bost urte barru ez dakigu nolakoa izango den. Baina ez dugu zalantzarik orduan ere ezinbestekoa izango dela hiztun berrientzat, eta ezinbestekoa izango dela hiztun komunitateak behar dituen sareak eta harremanak transmititu eta ziurtatzeko. Leiho bat izango da bost urte barru ere.
Horregatik, beharbada HPS bera gainditzen duen eskaintzaz eta lanaz ari gara. Uste dugu legebiltzar honi berari dagokiola gai honen inguruan kontsentsu bat lortu eta hurrengo urteetarako politikak adostea.
Joan den astean etxe honetan bertan EAJ, EH Bildu eta PSEren botoekin onartu zen mozio horretan esaten zena, alegia: “aztertzeko euskarazko hedabide nagusiekin batera, behar diren neurriak, dotazio ekonomikoa barne, hizkuntza normalizaziorako funtsezko izaera duten aldetik, horien jarraipenerako behar dituzten baldintzak izan ditzaten”.
Horretan, sektoreko ordezkaritza lagun izango duzue.