Aurkezpena

Hekimen herri ekimeneko euskarazko komunikabideen elkarlana bideratzeko sortu zen, euskararen hiztun komunitateak behar duen eremu komunikatibo sendoa garatzeko helburuz. Gure ezaugarri nagusiak gure hedabideetan euskara hutsez jardutea eta herri ekimenekoak izatea dira eta ezaugarri horiekin bat egiten duten komunikabide guztiek zabalik dituzte elkarteko ateak.

Euskararen komunikazio esparrua mugatua da, gutxiagotua izan den eta oraindik ere normalizatua ez dagoen hizkuntza batean aritzen garen heinean, baina, aldi berean, asko gara eta pertsona askorengana iristen gara. Bazkideei dagokienez, euskarazko komunikabide ia guztiak elkarteko kide gara, 50 komunikabide inguru eta horiek eskaintzen dituzten 130 komunikazio egitasmo baino gehiago. Guztira 500 langile baino gehiago ari gara egitasmo horietan eta gure boluntario edota laguntzaile sareak kopuru hori bikoizten du. Eta hartzaileei dagokienez ere, gero eta gehiago gara. Interneteko trafikoari erreparatzen badiogu adibidez, azken 8 urte hauetan elkarteko komunikabideen webguneetako trafikoa hirukoiztu egin da, 2013an 12 milioi saio izatetik 2021ean 36,6 milioi saio izatera pasaz.

Desafioak ez dira makalak. Euskal Herri euskalduna nahi badugu, komunikabide esparru indartsua izatea ezinbestekoa da. Administrazioa, hezkuntza eta komunikabideak zutabe funtsezkoak dira hizkuntza garapenean. Baliabideei dagokionez, administrazioan eta hezkuntzan indar handia jarri da azken hamarkadatan, bai eta euskarazko hedabide publikoetan ere, baina ahalegina ez da parekoa izan herri ekimeneko euskarazko komunikabideen kasuan. Azken urteotan baliabide gehiago bideratzen ari dira gure sektorera baina oraindik ere egiten duten ahalegina ez da nahikoa. Erronkak handiak dira eta baliabide garrantzitsuak behar dira komunikazioaren esparrua bizitzen ari den eraldaketa sakonari behar bezala erantzuteko.

Euskarazko komunikabideak beren egitasmoak errealitate berrira egokitzeko eta beren eskaintza hartzaile gehiagorengana iris dadin ahalegin handia egiten ari dira, baina bide horretan ezinbestekoa da administrazioen laguntza, erakundeen sustengua. Herri ekimeneko euskarazko komunikabideak gogor ari gara lanean, izan ere, XXI. mendeko Euskal Herri euskaldun eta modernoa nahi dugu. Gure herrietan, euskal gizartean, Europan, munduan gertatzen denaz ondo informatuak egongo diren euskal herritarrak nahi ditugu.

Horregatik, besteak beste, sortu genuen Euskal Hedabideen Behategia, egun HEKIMEN eta Euskal Herriko lau unibertsitate elkarlanean jarri dituen ikergunea eta etorkizunean bestelako eragileentzat ere ateak zabalik dituena (instituzioak, hedabide publikoak…).

Menua