Euskal hedabideek azken urteotako diru laguntza publiko txikiena izango dute aurten, Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Hego Euskal Herriko hiru diputazioen aurrekontuak aztertuta. Hedabideetan euskara sustatzeko diru sailak izoztera jo dute administrazioek, aurrekontu orokorrak igo badira ere. Datuek erakusten dute, horrela, 2012tik hona gero eta garrantzi txikiagoa dutela hedabideak laguntzeko diru sailek.
Eusko Jaurlaritzak banatzen dituen diru laguntzak garrantzitsuenak dira sektorearentzat, eta igoerarik gabe daude 2012tik, ia milioi bat euro jaitsi ondoren (-%15). Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako diputazioek hedabideentzat ematen duten diru laguntzek, orokorrean, bere horretan jarraitzen dute, aldaketa nabarmenik gabe.
Hekimenek berretsi nahi du administrazioek, herrietako udalak izan, Aldundiak izan zein Eusko Jaurlaritza edo Nafarroako Gobernua izan, beste ahalegin bat egin behar dutela hizkuntzaren biziberritzerako ez ezik hiztun komunitatearen arteko sareak trinkotzeko hain garrantzitsuak diren hedabideak sustatzen, garatzen eta etorkizunera begira jartzen laguntzen. Behin eta berriro esaten ari gara 2008tik hona beheranzko joera etengabea gertatzen ari dela aurrekontu publikoetan: euskara sustatzeko politikekiko orokorrean, eta hedabideekiko zehazki.
Eta esan behar da joera hori ezin zaiola bakarrik krisi ekonomikoari leporatu. Esan behar da aurrekontu orokorrek gora egiten zuten garaian, euskararentzako diruen igoera beste sail batzuetakoa baino apalagoa izan zela, eta, nolanahi ere, diruak ez zirela igo aurrekontuak igo ziren proportzio berean; jaitsierak egon direnean, ordea, are nabariagoak izan dira euskararentzako diruen jaitsierak.
Hego Euskal Herriko administrazio publiko garrantzitsuenen kontu publikoak banan-banan aztertuta, azpimarratu behar da Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) banatzen dituen laguntzek 2012tik ez dutela aldaketarik izan, eta 2015erako aurreikusitako inbertsioa (4.875.000 €) Jaurlaritzaren aurrekontu orokorrekiko inoizko baxuena izango dela.
Bizkaiko Foru Aldundiak 450.000 € aurreikusi ditu aurten hedabideentzat, eta 2012ko kopuru ia bera da hori (orduan 440.000 € izan ziren). Gipuzkoako Foru Aldundia da hiru lurraldeetako erakundeetan azken urteotan igoera proposatu duen bakarra, %16 gehiago 2012ko datuekiko, baina iazko diru kopurua bera izango dute hedabideek 2015ean: 946.895 €. Esan behar da epe berean euskararentzako diruek apenas izan dutela igoerarik lurralde honetan: 2012an 5.428.110 €ko aurrekontua izan zuen Euskara Zuzendaritza Nagusiak, eta aurten 5.500.062 € daude aurreikusita.
Arabako Foru Aldundiak hedabideentzat bideratzen duen dirua anekdota da: 10.000 € urtero, eta Nafarroako Gobernuak 2008an moztu zituen euskal hedabideentzako diru laguntzak, eta geroztik ez du horretarako deialdirik argitaratu.
Hekimen elkartearen ustetan, datu hauek garbi azaltzen dute hedabideek beste laguntza politikoa behar dutela, batez ere orain, etorkizunari begira elkartu direnean, eta sektorearen azterketa eta diagnosia egiteko eta aurrera begira jartzeko elkarlana proposatzen ari direnean.
Alde horretatik, elkarteak oso garrantzitsutzat jo du HPSrekin zabalduta dagoen mahaia, diagnosia partekatu eta diru laguntza politiken inguruan irizpideak eztabaidatzeko: hedabideen irismena, hedabideen kalitatea, hedabideen errentagarritasun soziala, hedabideen estrategikotasuna. Hekimenek uste du gogoeta horrek lagundu beharko lukeela irtenbideak bilatzen eta aurkitzen ez bakarrik berehalako diru politikari begira, ezpada sektorea egonkortu eta sendotzeko epe luzeko perspektibari begira ere. Gaur egungo deialdiek ez baitute hori bermatzen.