Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteak bere elkartasuna adierazi nahi dio Argia aldizkariari eta Gorka Bereziartua kazetariari, joan den igandean Ertzaintzak bere lana egiteko jarritako oztopoak eta emandako tratua dela medio. Horregatik, hitzez hitz bere egiten du aldizkariak berak egindako oharra, honako hau:
“Igande arratsaldean, Donostiako Gipuzkoa Plazan, Ertzaintzak Gorka Bereziartua ARGIAko kazetariari eraso egin dio, hau bere lana egiten ari zela.
Ertzaintza asanbladan lurrean eserita zeudenak identifikatzen eta kolpatzen hasi zen unean, 16:20ean, jarraipena egiten ari zen Bereziartuak bideoan grabatu zuen. Azpiko bideoan ikus daiteke ARGIAko kazetariak jasotako testigantza.
Une batean, agente bat zuzenean beregana joan, eskuaz mugikorra kentzen saiatu eta lurrera bota zuen, galtza eta jertsea hautsiz, honek kazetaria zela behin eta berriz esan arren. Ez zioten kazetari txartela ateratzeko aukerarik eman, eta behin lurrean, txartela atera eta erakutsi arren, erretenitu egin zuten. Era horretan, hainbat zauritu eragin zituen kargaren momentua ongi grabatzea ekidin zuen Ertzaintzak. Bereziartuak salaketa jarri du erasoa egin zion ertzainaren aurka.
ARGIAko lantaldeak Gorka Bereziartuari babes eta elkartasun osoa adierazten dio. Horrez gain, Ertzaintzaren jarrera salatu nahi du. Eraso horien atzean, kazetariak kikiltzeko asmoa dagoela ikusten dugu, eta informatzeko eskubidea eskubide unibertsala dela gogorarazi nahi dugu. Herritarrok gertatzen ari denaren berri izateko eskubidea dugu. Honekin lotuta, azken asteetan Gipuzkoa Zutik dinamikaren baitan, Donostiako Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren ekintzak bideoan grabatzen aritu direnak identifikatzen eta informatzeko eskubidea urratzen aritu direla ere salatu nahi dugu.
Kalean publikoki gertatzen ari dena grabatzea eskubidea da, herritarren defentsa eta froga balizko botere gehiegikeriaren aurrean. ARGIAk jaso zuen azken erasoaren harira, Gipuzkoako Batzar Nagusiek, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak arbuiatu zuten Mozal Legea. Espero dugu ez dutela haren logika zigortzailea aplikatuko eta informatzeko eskubidea berma dezatela eskatzen dugu.
Gogorarazi nahi dugu Mozal Legearen ez zuela aplikatuko onartu zutela Gipuzkoako Batzar Nagusiek, ARGIAren aurkako eraso baten harira. Mozal Legearen espiritua ez aplikatzeko eskatzen dugu.
Erasoak eraso, ARGIAk hedabide gisa bere irakurle eta komunitatearentzat garrantzitsu diren gaien berri ematen jarraituko du. Kazetaritza ez da delitua”.