Euskal hedabideen sektorearentzat deialdi garrantzitsuena argitaratu berri du Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS): hedabideetan euskara sustatzeko diru laguntza deialdia. Aurtengo deialdiak berezitasun esanguratsua dauka aurrekoekiko: urte anitzekoa izango da, 2016-2018 urteetakoa. Hekimen elkarteak ere aurretik esana du deialdi honek ez duela proiektu berrietarako tokirik uzten, eta hori sektorearen garapenerako traba izan daitekeela. Deialdia diseinatzeko orduan, bestalde, ez dira kontuan hartu Hekimenek luzatutako hainbat gomendio, esaterako audientziak kalkulatzeko oinarritzat hartu den inkestaren irakurle kopuru totalak hartzea, edo irismena ez ezik beste aldagai batzuk ere hartzea. Deialdiak aurreko urteetako diru poltsa bera du, 2012tik ez baita aldatu, eta horrek esan nahi du sei urte jarraian deialdi honetan inolako igoerarik gabe aurre egin beharko diela sektoreak komunikazioan gertatzen ari diren erronka handiei. Horregatik elkarteak berretsi nahi du diru-poltsa berdina egotea, eta irizpide nagusiak eztabaidatu gabe hiru urteko deialdia egitea ez dela sektoreak behar duena, ez delako nahikoa berme berau hauspotzeko eta egonkortzeko.
Nabarmendu beharra dago, bestalde, ze garaitan iritsi den deialdiaren ebazpena, urtearen amaierarekin. Horrek likidezia arazo larriak eragin dizkie hedabideei, eta ezegonkortasun handia sortu du hainbat enpresatan. Hekimen elkartearen ustez, honek agerian uzten du epe luzeko plangintzak egin behar direla, urterokotasunetik ateratzeko eta kudeaketa hobea egin ahal izateko.
Beste lankidetza esparrua
Euskal hedabideen sektoreak beste lankidetza esparrua behar du, beste tratamendu bat. Baldin eta hedabideak ezinbestekoak eta funtsezkoak badira hizkuntza baten biziberritzerako, eta euskal hedabideek denen artean osatzen badute, norbere esparruan, administrazioak ziurtatu beharko lukeen eskaintza, ondorioz funtzio publikoa betetzen dute, hiztun komunitateak detektatu duen behar bati erantzuten diotelako. Denak dira, horregatik, arrakastatsuak. Aintzat hartu eta prestigiatu behar dira. Aitortza eta babesa behar dute. Horixe bera egin izan da euskalgintzaren beste sektore batzuekin, horiek ere euskararen iraupenerako ezinbestekoak. Administrazioan euskararen erabilera edo euskarazko irakaskuntza araututa daude. Gure hizkuntza normalizazio prozesuan hirugarren hankatzat hartu ohi den hedabideen esparruak, ordea, zer berme dauka, zein arau, zein oinarri legalik?
Aurrera begira, beraz, gogoeta egin beharra dago ea zein den epe ertainerako inbertsioak egin ahal izateko eta gutxieneko egiturari eusteko sektoreak behar duen laguntza sistema egokia, edo zein izan daitekeen gaur egungo produkzioa mantendu eta lanean ari diren profesional bikainek modu duinean jarrai dezaten hedabideek ziurtatuta eduki behar duten gutxieneko aurrekontua.
Iruditzen zaigu egoerak eta garaiak eskatzen duten eztabaida dela, eta hedabideen sektorea prest dago eztabaidari ekiteko, euskal prentsan, irratietan, telebistetan eta sarean dagoen ahalegin eta emaitza kolektiboaren aitortza lortzearren. Jende gehiagorengana iristeko, produktu erakargarriagoak eta eraginkorragoak egiteko, egungo hegemoniak iraultzeko. Hori elkarlanean lortuko dugulakoan gaude. Elkarlanean hedabideen artean, eta administrazioarekin batera.
Andoainen, 2016ko irailean