Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteak larunbatean Hondarribiko alardearen berri ematen ari zirela hainbat kazetarik jasandako erasoak salatu nahi ditu eta, bide batez, elkartasun eta babes osoa adierazi nahi die beraien lana egiten ari zirela erasotuak izan ziren kazetari horiei denei.
Hekimenentzat onartezinak dira hainbat hedabidetako langileek pairatu behar izan zituzten oztopo eta erasoak (bultzadak, irainak, lanerako tresnak kentzeko saiakerak…), eraso horiekin kazetari horiei ez ezik, herritar orok informaziorako eta adierazpen askatasunerako dituen eskubideei ere eraso egiten zaielako.
Erasotutako hainbat euskarazko hedabideetan diharduten kazetariak izaki (Antxeta irratia, Berria…), informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea bera ere erasotua gertatu zen larunbatean eta hori ere salatu nahi du Hekimenek, euskaraz diharduten hedabideen elkartea den aldetik.
Era berean, Hekimeni oso larria iruditzen zaio aipatutako erasoak une horretan ordena publikoaren ardura bere gain zuten ertzainen aurrean gertatu arren, hauek kazetariak babesteko edota erasotzaileak geldiarazteko inolako neurririk hartu ez izana.
Berriro ere honelakorik gerta ez dadin eta kazetariek beren lana berme guztiekin egiteko aukera izan dezaten hartu beharreko neurriak hartzeko eskatzen die Hekimenek dagokien erakunde publikoei.
Kale nagusian, elizaren parean, @Jaizkibel6 konpainia jarraitzen ari zen gure kazetari baten telefonoa, eskutatik kendu eta jaurti du alkandora txuri eta lepoko urdin argia zeraman gizon batek @HondarribiaUdal @antxetairratia #Jaizkibel #Alardea #Salaketa pic.twitter.com/pUgmMX6Xgs
— Antxeta Irratia (@antxetairratia) 2018(e)ko irailaren 8(a)
Kazetariak jazartzen hasi dira espaloitik: ez grabatzeko oihuka ari zaizkigu, eta argazkiak egiten. @berria #alardea
— Garikoitz Goikoetxea (@ggoikoetxea) 2018(e)ko irailaren 8(a)