Arretaren ekonomia

Kasu!!!! Formakuntza saioa bertan behera gelditu zen Santiagoren hegazkinak haize gogorra zela eta ezin izan zuelako lurrartu. Badugu data berria. Urtarrilaren 18an izango da saioa.

Gero eta zailagoa da audientzien arreta geureganatzea eta ondorioz, gai honen ezagutza eta lanketa ezinbestekoak bilakatu dira komunikabideen artean ere. Adituen arabera, eduki digital bati gehienez eskaintzen diogun arreta 9 segundokoa da eta Instagram-en kasuan, adibidez, lehen 3 segundoak erabakigarriak omen dira eduki bat kontsumitu ala ez erabakitzeko. Bien bitartean, komunikazio kanalak kontzentratzen dituzten plataformek (Meta, Google, Amazon…) edukien zatiketa eta kaptsulatzea baliatuz, hartzaileek beren guneetan orduak eta orduak pasatzea lortzen dute.

Komunikabideek errealitate horrekin lehiatu behar dute eta oraingoz ez dago irtenbide argirik, besteak beste, arerioaren zelaian jokatzera behartuak daudelako. Hartzaileen arreta bereganatzeko milioika edukirekin lehiatu behar dute eta ondorioz, erabiltzaileen arreta bereganatu eta mantentzearen hau berebiziko garrantzia duen gaia bilakatu da.

Bada, bide horretan lagundu asmoz, Santiago Giraldok eskainiko digun tailerrak bi helburu nagusi ditu: batetik, arretaren ekonomiaren kontzeptuaren nondik norakoak azaltzea, beti ere, gaia gertuko komunikabideen errealitatera egokituz, eta bestetik, eguneroko kazetaritza lanean hartzaile gazteenen arreta erakartzeko oinarrizko elementu batzuk eskaintzen dituen metodologia aplikatzen laguntzea.

Lehen tailer honen ondotik, hala nahi duten komunikabideek tutoretza birtualerako aukera izango dute. Komunikabide bakoitzak, tailerrean landutakoaren bidetik, bere lan plangintza propioa osatuko du eta 4-5 asteren buruan, egindako lana aztertuko da (birtualki eta taldeka), Santiago Giraldo beraren eta Carmina Crusafon lankidearen laguntzarekin.

Ikus dezakezuenez, oso oso interesgarria den gaia eta formakuntza saioaz harantzago, ikasitakoa praktikan jartzeko aukera eskaintzen duena, gaian adituak diren pertsonen laguntzarekin.