Kazetaritza ikastaroa

Dobera Hernaniko euskaltzaleen elkarteak antolatuta, martxoaren 19tik apirilaren 9rarte, “herri egunkari eta aldizkarien kazetaritza” ikastaroa egingo da Hernaniko Biteri Kultur Etxean. Dobera elkarteak sortutakoa da Kronika agerkaria (orain arte Hernaniko Kronika zena eta otsailaren bukaeratik aurrera Urumeako kronika bihurtu dena) eta egitasmoan ari direnen lana herritarrengana gerturatzeko asmoz antolatu du elkarteak ikastaroa. Ikastaroa 8 ordukoa izango da: martxoaren 19 eta 26an eta apirilaren 2 eta 9an, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara, Hernaniko Biteri Kultur Etxean. Bertan parte hartu nahi izanez gero; Doberako bulegoan (Larramendi 11 behea), 943 332 799 telefonoan edota dobera@dobera.com e-postan egin daiteke. Ikastaroan, besteak beste, gai hauek landuko dira ariketen bidez, talde lanean:

  • Antilingua: terrore semantikoa
  • Herri egunkariaren ezaugarriak
  • Zer da albiste?
  • Erritmo naturala: hiztun iaioa eredu
  • Monotonia: saihestu beharreko gaitza
  • Aditza aurreratzea
  • Kunta Kinte hizkera: atzizkien demasa
  • Hitz errazak: ideia zailak adierazteko
  • Multzo fonikoa: zer neurri erabili, memorian zerbait gordetzeko
  • Titularrak
  • Argazkien oinak
  • Puntuazio markak

Ikastaroaren matrikula 20 €koa da (liburua ere jasoko dute parte hartzaileek) eta Dobera elkarteko bazkideentzako 15 €koa. Parte hartzaile kopurua mugatua da eta lehenbailehen izen ematea komeni da.