Zazpi bazkide berri

Batasunak indarra dakarrela esan ohi da eta Hekimen elkartea erabat bat dator ideia horrekin. Euskarazko komunikabideen sektoreak denon beharra du benetan eraginkorra izango bada. Komunikabideen mundu mailako krisiari, aldaketa teknologikoen abiadari, negozio ereduaren aldaketari, gezurrezko berriek eragindako prestigio galerari eta kontsumo ohituren aldaketari euskararen normalizazioaren abiada geldoa gehitu behar diogu. Izan ere, euskarazko komunikabideen bizirauteko behar duten euskaldun kopurua ez da behar bezain azkar eta behar den kalitatez handitzen ari. Ez da bakarka aritzeko garaia, beraz.

Erronka izugarriak ditugu aurrean eta gure trebezia eta determinazio osoa beharko da horiek gainditzeko. Gaur, zorionez, indarberritzen gaituen berria dugu. Aiaraldea, Antxeta irratia, Danbolin, Geuria, Hiruka,  Irunero eta Txintxarri Hekimeneko bazkide berriak dira. Ongi etorriak lagunak, ziur gaude zuen ekarpena funtsezkoa izango dela denonak diren erronkak gainditu ahal izateko.