Josu Amezaga EHUko irakasleak zuzenduta, Gorka Salzes ikerlaria ‘Euskaldunak komunikabideen aurrean: iritzien, ohituren eta jarreren azterketa kualitatiboa eta kuantitatiboa’ izeneko tesia prestatzen ari da. Tesi hori Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteak lagundutako tesia da, elkarte honek bultzatu duen lehena, eta EHUk martxan jarri duen Zabalduz izeneko egitasmoaren artean aukeratu zuten. Zabalduz hain zuzen ere unibertsitatearen eta enpresen arteko elkarlana eta ikerlana sustatzeko sortua da, eta Salzesena da egitasmo horren babesean egiten ari den tesietako bat.
Helburua da euskaldunek hedabideen aurrean dituzten iritziak, ohiturak eta jarrerak identifikatzea, alde kualitatibotik zein kuantitatibotik. Horretarako, euskarazko hedabideen inguruan egindako audientzia neurketak aztertu ditu Salzesek, eta euskaldunen ohitura mediatikoak aztertu dituzten txostenak arakatu ditu, erakundeek zein hedabideek egindakoak.